400 urte baino gehiago dituen dolare bat berreskuratu, zaharberritu eta berriz muntatuko dute Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko hiru lanbide-heziketako zentroetako ikasle gazteen eskutik. Proiektua Peio Martikorena Fundazioak bultzatutako “Dolareak” egitasmoari esker burutu da, Astigarragako Udalarekin eta hiru hezkuntza-zentrorekin elkarlanean, eta Akitania Berria -Euskadi- Nafarroa Euroeskualdeak kofinantzatuta.
Proeiktuaren aurkezpena urriaren 23an egin da Astigarragako udal-biltegian, eta bertan, lanbide-heziketako ikasle talde batek —CIF Donibane (Nafarroa), EASO Politeknikoa (EAE) eta Fédération Compagnonnique (Akitania Berria)— Erbetegi-Etxeberri baserriko XVII. mendeko sagardo-dolareren zaharberritze-lanak zuzenean erakutsi dituzte. Pieza zahar hori urte luzez gordeta egon da, eta gaur berriz ere biziberritu da “Dolareak” proiektuari esker.
Ekitaldian parte hartu dute Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak, Marie Heguy-Urain Euroeskualdeko Herritartasun proiektuen kudeatzaileak, eta Iban de la Fuente Compagnons du Tour de France zentroko egur-egituren irakasleak.
Alkateak azaldu duenez, “Dolareak” proiektuak hiru helburu nagusi ditu: “Antzinako dolareak berreskuratu eta zaharberritzea; gazteei zurgintzako lanbide tradizionalak transmititzea formazioaren bidez; eta lankidetza transnazionala sustatzea Euskal Herrian zehar, programa eleaniztun baten bitartez”.
Bestalde, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko arduradunak nabarmendu duenez, “hau gure helburuak betetzen dituen proiektu baten adibide bikaina da, izan ere, muga bietan garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala bultzatzen du, eta aldi berean, ondarea eta hezkuntza jartzen ditu erdigunean, mugaz gaindiko lankidetzaren bidez”.
Iban de la Fuente Compagnons zentroko irakasleak izango da dolarearen muntaketa eta zaharberritze lanetan parte hartuko duten ikasleak gidatu eta formatzeaz arduratuko denetako bat. “Egurrarekin gero eta gehiago eraikitzen bada ere, egur zaharra oso gutxi birziklatzen da. Mozten da eta sutara botatzen da. Egur zaharrak istorio bat kontatzen du, bizitza bat du, eta materialak berak garrantzi handia du”, adierazi du.

DOLAREA
Erbetegi-Etxeberri baserria bi etxebizitzatan zatituta zegoen, Goikoetxea eta Izeta familien artean. Ezagutzen den dolare bakarra da bi ardatzekoa, eta animalien indarrez mugitzen zen matxaka edo txikitzaile batekin.
Prentsa eskuz funtzionatzen zuen, eta martxan jartzeko lau pertsona behar ziren ardatz bakoitzean. Baserrian sagarrak txikitu eta zanpatu egiten ziren, eta ondorioz ateratzen zen muztioaren zati handiena Donostia–San Sebastiángo tabernetara eramaten zen merkaturatzeko.
Zanpaketa bakoitzean barrikote bat betetzen zen, eta sagardoa prest zegoenean auzokoak gonbidatzen ziren dastatzera, txalaparta jotzen zen bitartean. Hain zuzen ere, Goikoetxea familia funtsezkoa izan zen perkusio-tresna honen zaintza eta berreskurapenean; haiengandik ikasi zuten, besteak beste, Juan Mari Beltránek eta Joxean eta Jesus Mari Artze anaiek.
Aipatutako zentroetako ikasleek emango diote berriro bizia dolareari, urte luzez altxor moduan gordeta egon eta gero. “Egur zaharra ulertzen ikasiko dute. Garbitu egingo dute, zer egoeratan dagoen baloratzeko, eta babes-tratamendu bat emango diote. Halaber, sagardo-dolare batean egurra nola jartzen zen aztertuko dute, eta egur zaharra lantzen erakutsiko zaie. Ezagutza hori transmititu nahi diegu, izan ere, gaur egun egurra tresna modernoz lantzen da, baina egur zaharra eskuz landu behar da”, gaineratu du irakasleak.
Prentsa edo dolarea muntatu ondoren, egurraren datazio analisi bat egingo da, haren iraganeko xehetasunak ezagutzeko, eta 3D eskaneatze digital bat burutuko da, etorkizuneko prestakuntza-materialetan baliabide pedagogiko gisa erabiltzeko. “Dolareak egitasmoari esker, gure sagardoarekin loturiko ondare-pieza funtsezko bat berreskuratuko dugu; produktu honek sustrai sakonak ditu gure kulturan, bereziki Astigarragan, eta bertan egurrak oso garrantzi handia izan du, nahiz eta gaur egun gero eta gutxiago erabili altzairu herdoilgaitzaren mesedetan”, baieztatu du irakasleak.

