DONIBANE LOHIZUNE, ekainak 12 Baserriberri mugaz gaindiko proiektuaren itxiera ekitaldian eta izen bereko dokumentalaren estreinaldian, ordezkari instituzionalek mugaz gaindiko formakuntza polo bat sortzeko aukerak aztertzearen alde egin zuten, lurralde lankidetzako eredu aitzindari honi jarraipena emateko. Gaur goizean Donibane Lohizuneko Le Sélect zineman ospatu den ekitaldiak Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Akitania Berriko Eskualdeko agintariak bildu ditu.

Jardunaldia 9:30ean hasi da proiektuaren ordezkaritzaren eta Marie Lasserre Mission Locale Pays Basque-ko presidentearen hasierako hitzekin. Berehala, protagonismoa ikasle parte-hartzaileen esku geratu da, haien testigantzak eta arotzeria eta eraikuntza tradizionaleko prestakuntza-programa honetatik igarotzeak ekarri dien bizi-esperientzia partekatu baitituzte.

Haien ahotsek hitzaurre gisa balio izan dute jardunaldiaren ikus-entzunezko une nagusirako: “Baserriberri, egurrak ez du mugarik” dokumentalaren estreinaldi ofiziala.
Ikasle batzuek azpimarratu dute proiektuak euren bizitza aldatu duela, ez bakarrik maila profesionalean, baita pertsonalean ere. “Gainerako ikasleekin elkarbizitzeak harremanak izateko orduan ere lagundu dit”, azpimarratu du Esteban Orlandok, parte-hartzaileetako batek.

Zintak proiektuaren prozesu humanoa eta teknikoa dokumentatzen du, ikasleak ikasgeletako lehen ikasgaietatik Tomasenea baserriaren erabateko zaharberritzera nola igaro ziren erakutsiz. Ikus-entzunezko lekukotasun honek egurra lantzeko teknika ez ezik, ikasleen bidaia pertsonala eta mugaz gaindiko eta eleanitzeko lankidetzaren indarra ere jasotzen ditu. Zinta Carlos Portella Núñez zinemagileak zuzendu du; 2020an Biarritz Amérique Latine Zinemaldian estreinatu zen eta France 3 Nouvelle-Aquitainerekin koproduzitutako Gaucho Basko obraren zuzendariak.

Proiekzioaren ondoren mahai-inguru instituzional bat egin da Sonia García Cifuentes (Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Saila), Jon Labaka Intxauspe (Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordea) eta Anthony Lizandier-ekin (Fédération Compagnonnique du Tour de France). “Baserriberri, Mugaz Gaindiko Formakuntza Polo baterantz?” izenburupean, parte-hartzaileek ikaskuntza-eredu hori finkatzeko beharra agerian utzi zuten, eta langabeen gaikuntza eta laneratze arloan programak egindako lana goraipatu zuten. Gainera, azpimarratu zuten proiektu hau eskualdeen arteko lankidetzak mugaren bi aldeetan aukera ukigarriak nola sor ditzakeen erakusten duen adibidea dela.

Laguntza instituzionala

Ekitaldia amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko, Akitania Berriko Eskualdeko eta Peio Martikorena Fundazioko (proiektuaren bultzatzaile nagusia) ordezkariek hartu zuten hitza.

Andde Sainte Marie, Akitania Berriko Eskualdeko Kontseilariak, bere hitzaldian nabarmendu zuenez. “Baserriberri mugaz gaindiko lanaren emaitza zuzena da. Orain galdera da honi nola eman jarraipena. Mugaz gaindiko lanarekin, egunerokoan, Europa eraikitzen ari gara. Agian Baserriberri proiektua mugaz gaindiko formakuntza polo iraunkor bat bilakatu behar da. Gobernantza horretan gaudenok sakonki aztertu beharko genuke datozen asteotan, agian eragile berriak barneratuz, hala nola Euskal Hirigune Elkargoa. Guk, euroeskualdetik, badugu horretan sakontzeko nahia”.

Baserriberri kohesio soziala eta lurraldekoa, ingurumena, prestakuntza eta gizarteratzea bezalako eremu estrategikoak uztartzeagatik zoriondu ondoren, Nafarroako Gobernuko Lehendakariorde Ana Ollo Uhaldek nabarmendu zuen proiektu hau “Nafarroako Gobernutik mugaz gaindiko lankidetzaren alde egiten ari garen apustu osoan kokatzen eta gorpuzten dela. Erakundeok eta gizarte zibilak urrats bat ere atzera egin behar ez dugun ildo estrategikoa da”.

“Badakit Peio Martikorena Fundazioa ‘Mugako’ izen iradokitzailearekin bultzatzen ari den ekimen zabalago baten parte dela”, azpimarratu zuen, eta gaineratu zuen “muga aukera-iturri bihurtzen jakin duzue. Muga borondate eta interesen batasun tresna gisa interpretatzen jakin duzue, banaketa tresna bezala ordez. Lankidetzan aritzera behartuta gaude. Gure egoera geografikoak eskatzen digu. Ez bakarrik arrazoi ekonomikoengatik, baita arrazoi sozialengatik ere. Eta Baserriberri horren adibide ona da. Elkarlanerako beste ildo batzuen hazia izatea espero eta opa dut”.

Bestalde, Begoña Pedrosa Lobato Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak adierazi zuenez, “Baserriberrik erakusten du Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriaren arteko lankidetza gure gazteentzat benetako aukera bilaka daitekeela. Gure ondarearen parte diren ezagutzak eta lanbideak zaintzen laguntzen du, baina, aldi berean, prestakuntza, ikaskuntza eta enplegu aukera berriak zabaltzen dizkie hurrengo belaunaldiei.

“Proiektu honek Europako eskualde mailako prestakuntza eta enplegu-gune bat eraikitzen jarraitzeko asmora gerturatzen gaitu, mugaren bi aldeetan ikastea, prestatzea edo ibilbide profesional bat garatzea gero eta errazagoa izan dadin. Hori da, halaber, talentua, ezagutza eta aukerak konektatzeko gai den mugaz gaindiko Lanbide Heziketaren balioa. Eusko Jaurlaritzatik, lurraldeetatik eraikitzen den eta pertsonentzat onura zehatzak sortzen dituen hurbileko Europa hori indartuko duten ekimenak bultzatzen jarraituko dugu”, azpimarratu zuen Sailburuak. Sailburuaren ustez, “Baserriberri proiektuaz oso harro gaude. Lankidetza eta elkarlan aukera bat dugu. Ez bakarrik ezagutzaren transmisioan, baita gure ikurren eta ondarearen zaintzan ere. Nire ustez, Europa eredu berri bat eraikitzen ari gara”.

Azkenik, Isabel Elizalde Peio Martikorena Fundazioko zuzendariak eskerrak eman zizkien bertaratutako guztiei, eta Baserriberri bazkide eta erakundeekiko lankidetzari eta batez ere ikasleen ahaleginari esker izan dela posible nabarmendu zuen. Era berean, proiektua erreferente bihurtu dela azpimarratu zuen, “Estrasburgora ere joan gara proiektu honek lortu duena erakustera, ez bakarrik gure herriarentzat, baita Europarentzat ere, bertan mugaz gaindiko proiektu arrakastatsu bat nola gauzatu daitekeen erakutsi baitugu”.

“Bide bat erakutsi dugu, aliantzen bidez. Oztopoak aurkitu ditugu, baina gainditzen jakin dugu. Nahi genuena lortu dugu. Zoragarria izan da. Baina orain ikasitakoa hausnartzea eta aztertzea tokatzen zaigu, eta nola aurrera egin dezakegun ikertzea. Peio Martikorena Fundazioarentzat egun oso garrantzitsua da, sakonki sinesten baitugu horrelako proiektuetan. Gure inguruan, mugan, beharrezkoak direla uste dugu. Mugako jendea gara, eta muga horrek potentzial handia duela uste dugu”, amaitu zuen

Egitasmo aitzindaria

Baserriberrik 12 langabe prestatu ditu (9 ziurtatutako tituluekin graduatu dira) landa-eraikinak berritzeko erabil daitezkeen arotzeria-teknika tradizionaletan. Hori guztia, Compagnons du Tour de France (Angelu) eta Donibane (Nafarroa), Easo Politeknikoa eta Bidasoa (Euskadi) lanbide heziketako zentro publikoetako irakasleek tokiko arkitektura-ondarea babesteko indarrak batu dituzten irakaskuntza partekatuko eredu baten bidez. .

Peio Martikorena Fundazioak bultzatuta, arrakasta hori inplikazio instituzionalean oinarritu da, Nafarroako Foru Komunitateko (Hezkuntza Departamentua, Nafarroako Lansarea), Euskal Autonomia Erkidegoko (Hezkuntza Saila, Oarsoaldea) eta Akitania Berria Eskualdeko (Compagnons d’Anglet, Mission Locale Pays Basque) erakundeak elkarlanaren bidez.

Jardunaldia sinbolismoz betetako ekitaldi batekin amaitu zen: proiektuan parte hartu duten eragile eta erakundeetako ordezkari guztiek oroigarri bat jaso zuten, Tomasenea baserritik hartutako eta grabatutako egur zati bat.

ADIERAZPENAK:

Andde Sainte Marie
Akitania Berriko Eskualdeko Kontseilaria:

“Baserriberri mugaz gaindiko lanaren emaitza zuzena da. Orain galdera da honi nola eman jarraipena. Mugaz gaindiko lana eguneroko lan xumea eta politikoa da. Ez da lan erraza. Kultura ezberdinak, hizkuntza ezberdinak… Baina euskara izan da motorea. Mugaz gaindiko lanarekin, egunerokoan, Europa eraikitzen ari gara.

Agian Baserriberri proiektua, eta horrek gauzatzen duena, mugaz gaindiko formakuntza polo iraunkor bat bilakatu beharko litzateke. Galdera ona da. Gobernantza horretan gaudenok sakonki aztertu beharko genuke datozen asteotan, agian eragile berriak barneratuz, hala nola Euskal Hirigune Elkargoa. Guk, euroeskualdetik, badugu horretan sakontzeko nahia”.

Begoña Pedrosa Lobato
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua

Baserriberrik erakusten du Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriaren arteko lankidetza gure gazteentzat benetako aukera bilaka daitekeela. Gure ondarearen parte diren ezagutzak eta lanbideak zaintzen laguntzen du, baina, aldi berean, prestakuntza, ikaskuntza eta enplegu aukera berriak zabaltzen dizkie hurrengo belaunaldiei.

Proiektu honek Europako eskualde mailako prestakuntza eta enplegu-gune bat eraikitzen jarraitzeko asmora gerturatzen gaitu, mugaren bi aldeetan ikastea, prestatzea edo ibilbide profesional bat garatzea gero eta errazagoa izan dadin. Hori da, halaber, talentua, ezagutza eta aukerak konektatzeko gai den mugaz gaindiko Lanbide Heziketaren balioa.

Eusko Jaurlaritzatik, lurraldeetatik eraikitzen den eta pertsonentzat onura zehatzak sortzen dituen hurbileko Europa hori indartuko duten ekimenak bultzatzen jarraituko dugu”.

Ana Ollo Uhalde
Nafarroako Gobernuko Lehendakariordea

Baserriberri Nafarroako Gobernutik mugaz gaindiko lankidetzaren alde egiten ari garen Apustuan kokatzen eta gorpuzten da. Erakundeok eta gizarte zibilak urrats bat ere atzera egin behar ez dugun ildo estrategikoa da.

Badakit Baserriberri Peio Martikorena Fundazioa ‘Mugako’ izen iradokitzailearekin bultzatzen ari den ekimen zabalago baten parte dela. Muga aukera-iturri bihurtzen jakin duzue. Muga borondate eta interesen batasun tresna gisa interpretatzen jakin duzue banaketa tresna baten ordez. Lankidetzan aritzera behartuta gaude. Gure egoera geografikoak eskatzen digu. Ez bakarrik arrazoi ekonomikoengatik, baita arrazoi sozialengatik ere. Eta Baserriberri horren adibide ona da. Elkarlanerako beste ildo batzuen hazia izatea espero eta opa dut”.

Baserriberri proiektuaren %65 Europar Batasunak finantzatu du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA2021-2027) programaren bidez.

.