Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdearen egoitzan SAGARGASTRO proiektuaren hasiera-bilera egin da. «Sagarraren kultura ondare bizia» lelopean, proiektuak sagarra lurraldeen arteko lotura-elementu gisa balioan jartzea eta haren inguruko kultura-ondarea belaunaldi berriei transmititzea du helburu.
SAGARGASTROk 60.000 euroko aurrekontua du, 2026ko «Euroeskualdeko Herritartasuna» deialdiaren barruan. Peio Martikorena Fundazioak koordinatzen du proiektua, eta Astigarragako Udalaren eta Angleteko Les Compagnons du Tour de France erakundearen lankidetza du.
Ekimenak mugaz gaindiko lankidetza eta lanbide-prestakuntza sustatuko ditu, eta hiru jarduera-ardatz nagusiren inguruan garatuko da:
-Gastronomia eta gozogintza: Astigarraga eta Angleteko ostalaritza-arloko ikasleen arteko topaketak, prestakuntza-jarduerak eta sukaldaritza-erronkak egingo dira.
-Arotzeria eta artisautza tradizionala: Angleteko egonaldi tekniko baten bidez, ikasleek kupela baten (upelaren) artisau-elaborazioaren inguruko ezagutzak eskuratu eta esperientziak partekatuko dituzte.
-Nekazaritza-ondarea eta paisaia: Tomasenea baserriaren inguruan (Dantxarinea) prestakuntza-jardunaldi bat egingo da, bertako sagarrondo-barietateen inguruko ezagutza zabaltzeko eta sagarrondoak landatzeko.
Proiektua osatzeko, sagarrondoen hazkuntzari, artisautzari eta errezeta tradizionalei buruzko material didaktikoak eta dibulgazio-gidak ere sortuko dira. Horrela, lurraldeko ezagutza eta tradizioak belaunaldi berriei transmititzeaz gain, hiru lurraldeetan landa-eremuaren garapen jasangarria eta lankidetza sustatu nahi dira.

