Irailaren 19an, VI. Pirinioez Gaindiko Gazte Foroaren baitan, Euskadi, Nafarroa, Aragoi, Katalunia, Okzitania, Akitania Berria eta Andorratik etorritako 18 eta 30 urte bitarteko berrogeita hamar gazte inguruk Dantxarinea bisitatu zuten, Peio Martikorena Fundazioaren lana bertatik bertara ezagutzeko.

Jardunaldian zehar, parte-hartzaileek Tomasenea baserria bisitatu zuten eta Baserriberri proiektua ezagutzeko aukera izan zuten. Peio Martikorena Fundazioak sustatutako ekimen honen helburua da landa-eremuetako eraikin tradizionalak birgaitzeko mugaz gaindiko prestakuntza-eskaintza garatzea da, sektorean laneratzea sustatuz eta belaunaldi-erreleboa bultzatuz. Bisita jarduera praktiko batekin osatu zen: foroko gazteek egurrezko arotzeria-erronka txiki batean parte hartu zuten, eta horrela, Baserriberrin lantzen diren tekniketako batzuk praktikan jartzeko aukera izan zuten.

«Mugaz gaindiko mugikortasuna: joan-etorriko bidaia» lelopean, foroaren seigarren edizioak Pirinioen bi aldeetako gazteak bildu ditu lau egunez Baztango gazte-aterpetxean. Topaketaren helburua gazteen artean esperientziak eta proposamenak partekatzea da, besteak beste, enpleguaren, ekintzailetzaren, etxebizitzaren, mugikortasunaren, lurraldearekiko atxikimenduaren eta lurraldearen jasangarritasunaren inguruan.
Topaketa Pirinioetako Lan Elkarteko (CTP) gazteria-zerbitzuek elkarlanean antolatu dute, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde anfitrioi izanik, eta TRAMPOLINE 2 Europako proiektuaren (POCTEFA) esparruan.