Baserriberri mugaz gaindiko proiektua bisitatu du, ondare tradizionalaren zahar berritzea bidez laneratzeko prestakuntzan oinarritzen dena
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria den José Mari Aierdik Baserriberri mugaz gaindiko lankidetza proiektua bisitatu du Dantxarinean (Urdazubi-Urdax). Proiektu horren bidez, landa eremuan berritzailea den prestakuntza programa bat eskaintzen da, eraikin tradizionalen berritzean egurra aplikatzen duten lanbideetan oinarrituta.
Zehazki, Peio Martikorena Fundazioak gidatutako Baserriberri ekimenak, Interreg-Poctefa programaren bidez finantzatuta, erabat mugaz gaindiko prestakuntza teknikoa eta laneratze-programa eskaintzen du, landa eremurako bereziki diseinatua. Programa euskara, gaztelania eta frantsesez ematen da, eta bi estatuetan baliozko titulazioa eskaintzen du. Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoako ikasleek parte hartu dute, eta eduki didaktikoa elkarrekin landu dute Les Compagnons (Angelu), Bidasoa (Irun), Easo Politeknikoa (Donostia) eta Donibane (Iruñea) lanbide-heziketako ikastetxeetako irakasle eta profesionalek.
Aierdi sailburuak azpimarratu duenez, “honelako ekimenek erakusten dute landa eremuak baduela gaitasuna aukerak sortzeko eta gure herrien erronkei irtenbide berritzaile eta integralekin aurre egiteko. Lurraldearen baliabideak balioan jartzea, ikuspegi mugaz gaindikoa eta sektore anitzeko eta publiko-pribatu arteko lankidetzak funtsezko balio erantsia ematen diote landa eremuaren etorkizunari”.
Bestalde, Peio Martikorena Fundazioko lehendakari Fermin Martikorenak nabarmendu du “Fundaziotik apustu egiten dugula mugako berezitasunak kontuan hartzen eta errespetatzen dituzten eta garapena bultzatzen duten ekimenengatik, baita ekintzailetza sustatzen dutenengatik ere. Banakako zein taldeko ekimenak lagundu eta bultzatu nahi ditugu, komunitatearen mesederako. Gure papera erakunde publikoekin elkarlanean aritzen den ekimen eragile eta bultzatzaile gisa ulertzen dugu”. Era berean, adierazi du “Fundaziotik mugatik eta landa eremutik abiatuta, lurraldearen benetako beharretara egokitutako irtenbideak eskaintzen dituzten ekimenengatik egiten dugula apustu”. Gehitu du “eguneroko erronkak gainditzeko proposamen originalak eta etorkizuneko ikuspegia beharrezkoak direla”, eta ondorioztatu du: “proiektuan inplikatutako erakundeok nahi dugu hau lankidetza egonkor eta iraunkor baten hasiera baino ez izatea”.
Jardunaldian zehar, Aierdik eta Landa Garapeneko zuzendari nagusi Ruben Goñik Dantxarineako Casa Menta etxean ezarritako tailerra bisitatu dute, non prestakuntza teoriko-praktikoa ematen den, eta Tomasenea baserria, ikasleek bertan egindako birgaitze-lanak ezagutzeko, bereziki teilatua eta egitura berritzeko aplikatu dituzten ezagutzekin. Era berean, lehen eskutik ezagutu ahal izan dituzte programaren aurrerapenak eta proiektuan parte hartzen duten bazkideen artean definitzen ari diren epe luzerako lankidetza-helburuak.
Konsortzioan parte hartzen dute Peio Martikorena Fundazioak —proiektuaren erakunde liderra— eta Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketako, Digitalizazioaren eta Zerbitzu Hezitzaileen Zuzendaritza Nagusiak. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetza, Oarsoaldea Garapen Agentzia, Pyrénées-Atlantiques eskualdeko Compagnonnique Federazioa eta Pays Basque-Pyrénées-Atlantiques-eko Mission Locale erakundeak ere kolaboratzen dute. Erakunde laguntzaile gisa parte hartzen dute, halaber, Nafarroako Enplegu Zerbitzua-Nafar Lansare, CIFP Bidasoa LHII, Easo Politeknikoa LHII eta CIFP San Juan-Donibane.
Proiektuak guztira 1.778.447 euroko aurrekontua du, eta horietatik 1.155.989 euro Europako Eskualde Garapeneko Funtsak (EEGF) kofinantzatzen ditu.



